sábado, 4 de junio de 2016

50 URTE: SEGUIMOS EN LOS "MEDIOS".

"Dantza Lagunak koadrilako kideok parrandazale ospea daukagu"

Ekainak 3, 2016, 10:06Eguneratua Ekainak 3, 2016, 11:25

GORETTI ELEJALDE (Amurrio, 1997) Dantza Lagunak jai koadrilako kidea da eta 50. urteurrena ospatzen hasi dira. Horri buruz mintzatu da.
50. urteurrena beteko du Dantza Lagunak taldeak. Zein da historia?
1967an Ugarteko auzoan, hogei bat gazte elkartu ziren eta jaietan antolatzen zen pankarta lehiaketan parte hartzea erabaki zuten.
Beraz, esan dezakegu urte horretan sortu zutela Dantza Lagunak taldea. Beraien helburua euskal kultura Amurrioko herriari zabaltzea zen, eta horretarako, dantzak erabili zituzten tresna moduan, euren xedea hedatzeko.
Urteak pasa ahala, gero eta jende gehiago animatu zen koadrilarekin batera festak gozatzera eta horrela lortu dugu guztiok batera 50 urte ospatzea.
Zer egin duzue gazteek 50 urte horietako ibilbidearen berri izateko?
Koadrilako zaharrenei galdetu diegu eta haiek gogotsu guri kontatu digute 50 urte hauetako historiak. Hori izan da ezagutzeko modu errazena.
Urteurrena dela eta zenbait ekimen prestatu duzue, zeintzuk zehazki?
Hainbat ekimen prestatu ditugu, hala nola, ekainaren 25ean egun osoko jaia antolatu dugu koadrilaren 50. urteurrena ospatzeko.
Egun horretan, hainbat ekitaldi daude. Goizetik hasita, Dantza Lagunaken kideei omenaldia egingo da, jarraian, talde argazkia eta trikipoteoa, musikaz beteta.
Bazkaldu ostean, txikientzako tailerraz, dantzakaraokeaz eta kalejiraz gozatzeko aukera egongo da.
Eta gauean, odoloste bokata jan ondoren, dantzatzeko eta abesteko gogoak oraindik mantenduko dira.
Hori gutxi balitz, Amurrioko jaien txupinazo egunean, San Anton plazan bazkalduko dugu Dantza Lagunakeko kide guztiok, gogotsu hasteko Amurrioko Jaiak.
Zein da Dantza Lagunaken ezaugarria? Zer behar da bertan parte hartzeko?
Parrandazaleen ospea daukagu…. Ez dakit hori gauza positiboa edo negatiboa den, baina argi dago giro paregabea sortzeko gaitasuna dugula.
Derrigorrezkoa da lotsa etxean uztea eta ondo pasatzeko gogoa izatea.
Zergatik erabaki zenuen taldean parte hartzea eta zeintzuk dira zuri gehien gustatzen zaizkizun ekimenak?
Txikitatik Dantza Lagunakeko kidea izan naiz, nire gurasoak horrela erabaki zuten eta. Gazteetan zegoen giro ona ikusi eta bertan geratzea erabaki nuen. Beti ere jaia eta giro ona sustatzen duten ekimenak, esate baterako, koadrilen jolasak, bazkariak…

No hay comentarios:

Publicar un comentario